Zer bisitatu?

Imagen de la Ermita Sallebante 

Andeko auzoko goragune batean dago. Bertara heltzeko, izen bereko baserri baten ondotik igarotzen den bidexkaren amaierara arte jarraitu beharko dugu.

Sallebante baseliza egoera onean mantentzen den eraikin txikia da. Garai batean izandako zeregin liturgikoa alde batera utzi zen aspaldi eta gaur egun nekazaritzako lanabesak gordetzeko erabiltzen da.

Eraikinak arkupe handia dauka eta bi murruk mugatzen dute, eraikinaren alboko paramentuen luzapenek hain zuzen ere. Arkupearen gainean hiru isurialdeko teilatua dago. Gainaldea eusten duen egitura ezin da barnealdetik ikusi, zurezko estrabe mihiztatuz eratutako estaldura modernoa jarri diote eta.

Barrura sartzeko ateburua duen sarbidetik igaro behar da. Atearen inguruan harlanduzko lan bikaina egin zuten atezango moduan, eta bertikalean luzatzen da dobela handien bidez arku faltsu bat sortuz. Tokiko baseliza guztietan bezala, eraikinaren gainerako guneak harlangaitz-horma zarpiatuz eginda daude. Dena den, eskantzuetan harlanduzko lanak ageri dira.

Barnealdea oso txikia da eta, arkupearekin batera, lau angeluko oinplanoa osatzen du. Ez dauka inolako apaingarririk. Barrualdeak maila txiki bat dauka eta horren gainean aldaretxo bat dago. Oparria mahai-itxurakoa da eta atzealdeko paramentuan horma-hobi txiki bat dauka San Lorenzoren irudiarekin.

Sarrerako atetik sartzen den argiaz gain, barnealdea argitzen duen elementu bakarra gezi-itzurako bao txikia da.

María Ochoa de Lomaicaren testamentuari esker, badakigu 1560. urtean baseliza honen lehenengo eraikina bertan zegoela jada, testamentuan baseliza honetan eta desagertutako San Esteban baselizan bere omenez emandako zenbait meza aipatzen baitzituen. Parrokiako datuek baselizari buruz egiten duten lehenengo erreferentzietako baten arabera (1638), orduko baselizak kanpaia bakarreko kanpai-horma zuen. 1695. eta 1704. urteetan birmoldaketak egin zizkioten eta 1758an gaur egun ezagutzen dugun eraikin berria egin zuten. San Migel baseliza ere garai hartan berreraiki zen.

Eraikin hau Antonio de Vegak diseinatu zuen eta orduko 4.825 erreal balio izan zuen aipatutako San Lorenzo baselizari dagokionez.