Zer bisitatu?

 

Baseliza honek San Lorenzo baselizak antzekotasun ugari dituzte, bai ikuspuntu arkitektonikotik, bai biek izandako eboluzio historikoaren ikuspuntutik.

Hala ere, San Migel baselizaren kokapena ez da San Lorenzo baselizak zuena. Atal honetan deskribatzen den baseliza Botiola auzoan dago eta auzotarrentzako tenplua dela esan liteke.

1972an egindako birmoldaketak baselizaren kanpoaldeko egitura aldatu du. Hasieran San Lorenzo baselizaren antzekoa zen arkupea itxi egin zuten eta horrela barnealdeko espazioa handitu zuten, oinplanta osoa hormaz inguratu baitzuten.

Teilatuak bi isurialde ditu eta paramentuen eskantzuetan harlanduzko lanak ikusgai daude. Aspaldi, alboetako paramentuak luzatu egiten ziren eta arkupea alboetatik estaltzen zuten. Espazioa erabat aldatu zuten eta, beraz, luzapenak barnealdeko perimetroa osatzen dute eta eraikinaren egituraren zati garrantzitsu bilakatu dira. Baselizaren aurrealdea ixten duen murrua modernoa da, adreiluz eta zementuz egindakoa, eta kanpoaldea luzituta dago. Horma horretan daude baselizako sarbide bakarra eta leihoburudun bi leihate.

Barnealdeko murruen harlangaitza luzitu gabe dago eta hegoaldeko horman kokatutako bao bakarra dauka. Teilatuaren azpitik begiratuta, begien bistakoa da bi isurialde daudela, baina luzituak estali egiten du metalezko tirante eta ilarak eusten duten egitura. Tenpluko zoruan oraindik ikus dezakegu non hasi eta amaitzen ziren eraikinaren gorputz nagusia eta arkupea, gorputz nagusia zegoen tokian zorua harlauzazkoa delako eta, antzinako arkupeko zorua, ordea, zementuz zolatu zutelako.

Gaur egun baseliza igandeetan eta San Migel goiaingeruaren egunean (irailaren 29a, erromeria ospatzen da) irekitzen da gurtzarako. Barruan zortzi banku eta maila baten gainean kokatutako mahai-itxurako aldarea ditu. Horrez gain, badaude ere gurutze bat eta baselizako goiaingeruaren irudi bat. Hala ere, goiaingeruaren irudia ez da hasieran zegoena, hori aspaldi desagertu baitzen.

Lehen esan bezala, baseliza hau San Lorenzo baseliza eraiki zen urtean egin zuten. Antonio Vega izan zen 1758an eraikina egiteaz arduratu zena eta 3.175 erreal erabili zituzten lanak egiteko. Dena den, eraikin honek toki berean zegoen eraikin zaharragoa ordezkatu zuen, badakigu eta XVII. mendean jada bazegoela eraikin bat.