Kultura

Fruzio 

FRUZIO!!!

Nor dugu Fruzio?

FRUZIO Fruizko Udal liburutegiaren maskota da. Ikusten duzuenez, originala benetan gure iditxo hau!, hain da originala irakurtzea ere ikaragarri gustatzen zaiola, ia hori non ikusi den!!

Orain momentuan zein liburu dabilen irakurtzen galdetu diogu, eta… esan digu Bernardo Atxagaren “Behi euskaldun baten memoriak” dabilela irakurtzen, polita dela eta irakurri barik badaukagu irakurtzeko, gustatu egingo zaigula eta konturatuko garela abereok ere originalak eta ausartak izan gaitezkeela.

Liburua irakurri ostean, gura izanez gero, liburuari buruzko solasalditxoa egin dezakegula esaten digu Fruziok, bera prest dagoela, ia zer deritzozuen, liburuaren egunean berean edo ... Pentsatu, eta Fruzioren proposamenarekin konforme bazaudete, utzi mezua www.fruiz.eus helbidean, Fruizko udal liburutegian edota Udalean bertan.

Amaitzeko esan, Fruzio herritik sortua dela: irudia guraso batek egin du (Jonek), eta kolorea eta izena erabagitzeko lehiaketa bat egin zen; lehiaketan 9 lagunek hartu zuten parte.

Orain Liburutegiaren maskota ezagutzera eman gura da eta Fruizko Udalak liburu markatzaileak, udal liburutegiaren erabiltzaileentzako karpetak... aterako ditu.

KOLOREA: Olatz Enzunza

IZENA: Yune Mallona

IRUDIA: Jose Elias

Yune, Zer dela eta ipini zenion Fruzio izena?

Fruzio hitz konposatu bat da. Alde batetik, bizi garen herriaren omenez dago aukeratuta; eta beste alde batetik, nire aititeren omenez, gure aititeren izena Luzio delako.